Nola iritsi
9. Portalondo
Portalondo
Ermandadeetatik aldundietara
Martin Perez Altzega Gipuzkoako jaun feudalik garrantzitsuenetako bat izan zen Behe Erdi Aroan. Haren leinua Hernanin ezarri zen, eta hitzartutako ezkontzak antolatzen zituen, inolako zalantzarik gabe, bere oinordetza-hurrenkeraren boterea areagotzeko. Hamarrenak eta zergak kobratzen zituen ia gauza guztiengatik, errentak ateratzen zituzten burdinoletatik, fabriketatik, soroetatik… Tirano edo «jauntxo» gisa gobernatzen zuten eta, horren truke, ustezko segurtasuna edo babesa eskaintzen zieten beren mendekoei.
«Ahaide nagusi» horiek bi bando handiren inguruan antolatu ziren: oinaztarrak, Gaztelako Erresumaren aldekoak; eta ganboatarrak, Nafarroako Erresumaren aldekoak. Hala ere, maiz interes alderdikoiez baliatzen ziren edozein aliantza apurtzeko.
Botere handia bereganatu zuten, hiribilduak eta haranak kontrolatuz. Erregearen beraren irudia ere jarri zuten mehatxupean: gaizkileak babestu zituzten, «gaizkinen muga» deiturikoan ―Nafarroako eta Gaztelako erresumen artean― lapurretak eta harrapaketak bultzatuz, Erregearen irudia ahultzeko asmoz.
Gaztelako monarkek aita ongileen irudia bereganatzen jakin zuten, herritarrak «ahaide nagusien» jarrera despotikoaren aurrean defendatzeko. Testuinguru horretan, eta beti erregearen laguntzarekin, Gipuzkoako Ermandadea abusu eta lege bidegabeen aurkako legeak egiten hasi zen, botere feudalaren monopolioa zalantzan jarriz. «Ahaide nagusiak» horri erantzuten saiatu ziren noski, eta beren indarrak batu zituzten botere berri haren aurka, baina beranduegi zen.