Hernani

Erdi Aroko hiribildua

San Agustin komentua

Eliza Erdi Aroan

Plaza Berria

XX. mendearen hasiera

Beroitz Etxea

Goi-gizartea

Dorretxea

Defentsarako Hernani

San Joan eliza

Herriarentzako eliza

Udaletxea

Karlistadak

Andre kalea

Sagardoa

Arkua

Hernaniko harresia

Portalondo

Ermandadeetatik aldundietara





San Joan eliza

Herriarentzako eliza

1512an, Nafarroako Erresuma konkistatu eta Albako Dukeak Iruñea hartu ondoren, tropa nafar-frantsesek Hernani arpilatu eta erre zuten, erretiratzen ari zirela. Antzinako parrokiak, harresiz kanpo zegoenak, kalte larriak jasan zituen, eta orduan, Hernaniko harresi-barruan eliza bat eraikitzeko beharra hauteman zen.

Juan Lopez Amezketa eta Altzegak harresiz kanpoko lursail baten zati bat laga zion hiribilduari, eta eliza defentsa berriaren baitan geratu zen. Horrela, gune berri bat sortu zen gaur egun desagertuta dagoen Altzega jauregiaren inguruan, hiribilduaren erdigune berria bihurtuko zena: Plaza Nagusia, gaur egungo Gudarien plaza.

1540ko abenduaren 19an, Karlos V.a enperadoreak eliza lekuz aldatzeko baimena eman zuen. Obrak bost urte beranduago hasi ziren, 1545ean, Domingo Olozaga, Miguel Beramendi eta Andres Izaguirre hargin-maisuen ardurapean. Hiribilduak ahalegin handia egin behar izan zuen eliza eraikitzeko, eta lurrak ere saldu behar izan zituen gastuei aurre egiteko. Lanak behin baino gehiagotan eten ziren eta, 1595ean, gurutzadura ixtean, amaitutzat eman zen San Joan Bataiatzailearen Parrokia Eliza berria.

Nabe bakarreko eliza honek gurutze latindarreko oinplanoa du, eta gotiko berantiar edo euskal gotikoko estilokoa da (hormei atxikitako zutabe erdi zilindrikoek eusten dituzte gurutze-gangak). 158 oineko luzera du (50 m inguru), eta 50 oineko zabalera (15 m gutxi gorabehera). Hormak harlangaitzez eginda daude, eta izkinak harlanduzkoak dira.

Eraikina amaitu eta urte batzuetara, “eliza galanta izanik… errematatzea falta zaio”, eta gorabehera askoren ondoren, azkenean, oin karratuko dorre bikain hau eraiki zuten, Francisco Iberok diseinatua (1764an amaitu zen). 1795ean, kanpandorrearekin azkendu zen, eta gero, erlojua jarri zen kokaleku bitxi batean, kanpandorrearen izkinan.

Portiko barrokoa, neurri handikoa eta balio artistiko eztabaidaezinekoa, Martin Zalduak egin zuen 1706an. Portikoak konposizio angeluzuzena du, eta triangelu-formako frontoiari eusten dioten bi pilastra ditu albo banatan. Arku handiaren azpian, San Joan Bataiatzailearen eskultura ikus dezakegu, Hernaniko Patroia (Anbrosio Bengoetxearen egurrezko eskultura, hasiera batean, 1611n, aldare nagusirako egin zuena), eta atearen alboetan, San Pedroren eta San Pauloren eskulturak.

Barruan, erretaula nagusia (Kultura Ondasuna, Monumentu kategoriakoa) nabarmentzen da, Bernabé Corderoren 1656ko altxor barrokoa; baita Kristo Gurutziltzatuaren irudia ere (gotikoa, XIII – XIV. mendeetakoa), eraikinaren irudirik zaharrena, seguruenik parrokia-eliza zaharretik ekarria. Nabarmentzekoak dira, halaber, San Joseren (bere santutegiarekin, hasierako erretaulakoa), Andre Maria Arrosariokoaren, Andre Maria Nahigabetuaren eta etzanda dagoen Kristo Santuaren alboetako aldareak. Barruan, Juan Urbietaren hilobia dago (XVI. mendea), baita Agustin Kardaberazen gorpuzkiak ere (1703-1770).

2016an, Zikuñagako Amaren kapera eraiki zen sakristia zaharrean. Bertan dago Errukiñeren irudi ederra, XVI. mendeko altxorra. Elizan dagoen Zikuñagako Amaren irudia erreprodukzioa da, 1979an jatorrizkoa lapurtu baitzuten.

Esteka interesgarriak:

San Joan eliza:

http://ondarea.hernani.eus/hernani/urtekariak/pdf/1308.pdf