Hernani

Erdi Aroko hiribildua

San Agustin komentua

Eliza Erdi Aroan

Plaza Berria

XX. mendearen hasiera

Beroitz Etxea

Goi-gizartea

Dorretxea

Defentsarako Hernani

San Joan eliza

Herriarentzako eliza

Udaletxea

Karlistadak

Andre kalea

Sagardoa

Arkua

Hernaniko harresia

Portalondo

Ermandadeetatik aldundietara





San Agustin
komentua

Eliza Erdi Aroan

Mariana eta Maria erlijio-sinesmen handiko bi ahizpa ziren, beren bizitzak otoitzera emateko prest. Horregatik, familia handietako beste emakume batzuekin batera, serorategia sortu zuten, 1545. urte inguruan San Agustin monasterioa izango zena.

Haien aita, Juan Martinez Ereñotzu, garai hartako Hernanin eragin gehien izan zuen gizonetako bat, obraren sustatzaile nagusi bihurtu zen, eta azken buruan, huraxe bihurtu zen bere aurri ekonomikoaren arrazoi nagusia. Juan urte batzuk geroago hil zen Senperen, zorrek estututa eta justiziatik ihes eginda.

 

Ereñotzu familiak sekulako estatusa lortu zuen bere burdinolen indarrari esker, nobleziakoa ez zen familia batentzat pentsaezina. Nola edo hala, San Agustin monasterioa eraikitzeak beste munduan toki bat ziurtatzea esan nahi zuen, baina, batez ere, garaiko eliteen errespetua lortzeko modu bat zen. Ordutik, tokiko nobleziaren leinu nagusietan sartzea lortu zuten, hitzartutako ezkontzen bidez.

San Agustin monasterioa XIII. mendeko parrokia zaharraren gainean eraiki zen. Parrokia hartatik, gotikorako trantsizioko portiko erromanikoa bakarrik geratzen zaigu, ojiba-arku zorrotzekoa.

San Agustineko Kalonje Erregular Laterandarrak Jainkoa meditazioaren eta isolamenduaren bidez bilatzen duen ordena bat dira. Klausurako monasterioko arauak oso zorrotzak ziren, baina, hala ere, ordenako kide izatea pribilegio handia zen.

Ez zen erraza bizimodu latz horretara iristea; sartzeko probak gainditu eta prestutasuna eta ohorea behin eta berriz agertzeaz gain, dotea, arreoak eta urtebeteko mantenu-balioa eman behar ziren. Bost urte igaro ondoren ezin zen ordena bertan behera utzi, erregimen gogorrago batean sartzeko ez bazen.

Komentua botere ekonomiko bat zen; izan ere, aberastasuna sortzen zuen hamarrenei esker eta partikularrek ordenari ematen zizkieten lur, burdinola eta gainerako aktiboen ustiapenari esker.

Monasterioaren historia beti egon da lotuta harresiz kanpo gertatzen zenarekin eta mugako hiribilduaren, Hernaniren, historia gorabeheratsuarekin. 1638, 1719, 1794 eta 1808. urteetako gertakari belikoetan, adibidez, komentua suntsitu, arpilatu eta kuartel gisa hartu zuten, eta komunitateak askotan ihes egin behar izan zuen.