Nola iritsi
8. Arkua
Arkua
Hernaniko harresia
Hernaniko hiribildu harresituak bost sarbide zituen hasiera batean. Sarrera nagusiak 1855 eta 1856. urteen artean eraitsi ziren, eta Kale Nagusiaren eta Andre kalearen amaieran kokatuta zeuden. Hirugarren sarrera udaletxe zaharraren azpian zegoen, bi kale horiek bat egiten zuten gunetik gertu. Gainerako bi ateek kanpoaldearekin lotzen zuten zeharkako kalea (gaur egungo Felipe Sagarna “Zapa” Kalea). Ojiba-arku xume hori da, hain zuzen ere, zutik geratzen den sarrera bakarra. Oraindik ere bertan da ate handia trangatzeko erabiltzen zen zuloa.Harresiaren horma sendoek 1,30 metroko zabalera eta 5 metroko altuera zuten, eta kanpotik zetozen erasoak jasateko prestatuta zeuden. Baina hori baino askoz gehiago ziren. Erdi Aroan, harresiak bi munduen arteko muga finkatzen zuen: ordenaren eta basatiaren arteko bereizketa; babesa eta arriskua; hiri-eremua eta landa-eremua. XIII. mendean, Alfontso X.a «Jakitunak» sakratutzat jo zuen barrualdea, magiaren eta erlijioaren arteko muga baten gisa, etsai desleial, epidemia eta gaixotasunetatik babesten zituena. Barrualdeko biztanleek ―burges bihurtuak― beren jurisprudentzia zuten eta pribilegio batzuk zituzten, kanpokoek ez bezala. Era berean, harresiaren barruan saldu nahi zuen merkatari orok zergak ordaindu behar zituen.
Denbora igaro ahala, harresi haiek beren defentsa-funtzioa galdu zuten, eta hiri-garapenerako oztopo bihurtu ziren; horregatik, gehienak eraitsi egin zituzten. Biztanleriak gora egin ahala, eraikinen altuera handitzen joan zen; kaleen arteko sarbideak sortu, eta leihoak eta ateak ireki ziren harrizko horma lodietan. Gainera, etxebizitzak harresiraino zegoen tartea hartzen joan ziren, eta harresia ia guztiz desagertu zen, gaur egungo Hernani osatuz.
Kanpoaldean, arkuaren ondoan, istorio harrigarri baten aztarnak aurki ditzakegu: gure eskura, eta II. Karlistadaren (1872-1876) lekuko gisa, bi kanoi-jaurtigai ikus ditzakegu, biak lehertu gabe eta, seguruenik, Santiagomendin (Astigarraga) jarritako bateria batetik jaurti zirenak.