Nola iritsi
8. Arkua
Arkua
Hernaniko harresia
Hernaniko harresi-hiribilduak bost sarbide zituen hasiera batean. Sarrera nagusiak 1855 eta 1856. urteen artean eraitsi ziren, eta Kale Nagusiaren eta Andre kalearen amaieran kokatuta zeuden. Hirugarren sarrera udaletxe zaharraren azpian zegoen, bi kale horiek bat egiten zuten gunetik gertu. Gainerako bi ateek kanpoaldearekin lotzen zuten zeharkako kalea (gaur egungo Felipe Sagarna “Zapa” Kalea). Ojiba-arku xume hori da, hain zuzen ere, zutik geratzen den sarrera bakarra. Oraindik ere bertan da ate handia trangatzeko erabiltzen zen zuloa.
Barruko biztanleek —gerora burgesia bihurtuko zirenek— jurisprudentzia propioa zuten, eta kanpotarrek ez zituzten pribilegio batzuk gozatzen zituzten. Era berean, harresiaren barruan saldu nahi zuen merkatari orok zergak ordaindu behar zituen.




